2018/03/01

Etxebizitza Turistikoen Ordenantzaren onarpenaren aurrean




Donostiako udal gobernuak proposatutako Etxebizitza Turistikoen Ordenantzaren onarpena salatzeko kontzentrazioa antolatu duten auzo elkarte eta gizarte plataformen balorazioa.


Ezer baino lehen, hiru alderdi hauek nabarmentzeko premia ikusten dugu:

  1. EZ DUTE ONARTU ORDENANTZARI JARRITAKO ALEGAZIO BAKAR BAT ERE.
  2. EZ DA EGIA ORDENANTZA HORREK AUKERA EMANGO DUENIK DONOSTIAKO ETXEBIZITZA TURISTIKOEN ARLOA BEHIN BETIKO ERREGULATZEKO, orain arte halako araurik ez balego bezala. Udalak dagoeneko finkatuta ditu egoitza eraikinetan hotel erabilera ezartzeari buruzko muga batzuk, HAPOaren bidez (Hiria Antolatzeko Plan Orokorra); “lehen solairuaren araua” izenez da ezaguna arau hori jendartean.
  3. HASIERAKO ONARPENA EMAN ZAION ORDENANTZA HORREK EZ DAKAR, BEREZ, IKUSKATZAILEEN KOPURUA HANDITZEA kontrolerako, ezta abiatutako espedienteak arintzeko langile administratibo gehiago izatea ere. Are gehiago: ordenantzaren testuak ez dio horri buruz ezertxo ere.

Udalak onartu berri duen ordenantzak liberalizatu egiten du orain indarrean dagoen HAPOa: izan ere, orain arte, bizitegi eraikinetako lehen solairuan soilik baimentzen ziren jarduera ekonomikoak, hotel erabilerakoak eta gisa horretakoak –ostatuak, esaterako–, kasu honetan.
Etxebizitza turistikoen alokairua merkataritza jarduera gisa hartu beharko litzateke, eta ez bizitegi erabilera gisa, eta, hala, HAPOaren arabera, “lehen solairuaren” arauaren mende gelditu behako luke, baina, aldiz, gaur onartutako ordenantzak parekatu egiten ditu etxebizitza turistikoak eta bizitegi etxebizitzak, eta ez du kontuan hartzen jarduera horrek gure auzoetako bizilagunei eragingo dizkien arazoei aurre egiteko sarbide, zarata, ingurumen eta abarri buruzko neurriak ezartzeko premia. Lehen solairuaren araua ez arintzea eskatzen dugu.

Baina, horrez gainera, ordenantza berriak BAIMENDU egiten du hura indarrean sartzen denetik turismorako etxebizitzak ezarri ahal izatea hiriko gainerako auzoetako eraikinetan –eremu bete edo asetzat izendatutakoetan izan ezik, hau da, Kaian eta Hirigune Historikoan izan ezik–, altueraren arabera eta metro koadro kopuru jakin bateko azaleretan.

Hirigune Historikora eta Kaira mugatzen du eremu asea, nahiz eta badiren Zabaldiaren eta beste auzo batzuen –Erdialdea eta Gros, adibidez– asetasun maila agerian uzten duten datu objektiboak.

Ez da aipatzen zer irizpide erabili dituen gobernu taldeak hiria A, B edo C eremuetan banatzeko, eta erabateko ziurgabetasuna sortzen du horrek. Are argiago erakusten du ordenantza honen sustatzaileek kontzentrazio hau antolatu dugun plataformek ordezkatutako herritarren eskubideak bermatzeko zer interes gutxi duten.

Baina gaur onartutako ordenantzak sustatzen duen hedapen “kontrolatu” hori etxebizitza turistikoen negozioa Donostia osora hedatzeari lege estaldura emateko tresna bat baino ez da –hala eskatu baitu, behin eta berriz, LEHIAREN EUSKAL AGENTZIAK-, eta izugarrizko ondorioak izango ditu alokairuen espekulazioa larriagotzeari, bizikidetasunaren kalitateari eta gure auzoen gizarte kohesioari dagokienez.

Azken batean, gaur onartutako ordenantzak are gehiago okertzen du donostiar askok etxebizitza duin eta eskuragarria lortzeko dute ezintasuna. Herritarrentzat, zeharo sumingarria da Donostiako alokairuen batez besteko prezioa 967 eurokoa izatea eta bizitegi erabilera iraunkorrerako gero eta etxebizitza gutxiago izatea, egoera horren eraginez eta etxebizitza sozialen parke publikoaren urritasunaren eraginez izugarri igotzen ari baita gure hirian alokairua ez ordaintzeagatiko etxegabetzeen kopurua.

Azpimarratu nahi dugu ordenantza honek ez duela arautzen hotelen eta ostatuen hedapena ere. Hori dela eta, luzamendu bat eskatzen dugu, hotel eta ostatuen lizentzien izapideak eten daitezen eskatzen dugu, lege izapidean eskatu genuen bezala.

Eta, azkenik, salatu nahi dugu ordenantza honek ez duela ezartzen –horretarako hainbat alegazio egin diren arren– zehapen araubiderik, auzokide komunitateen aurretiko adostasuna izateko baldintza, jarduera lizentzietarako aldi baterako izaera eta jarduera honek gure auzoetan dituen ondorioei aurre egiteko tasa.


ORDENANTZA HAU GIZARTE KONTSENTSURIK GABE SORTU DA, ETA GOBERNU TALDEAK AUKERA PAREGABEA GALDU DU ORDENANTZAREN BIDEZ ETXEBIZITZAK ETA AUZOAK BIZITZEKO IZAN DAITEZEN LEHENESTEKO, IRABAZIZKO NEGOZIO BIHUR DAITEZEN BULTZATU ORDEZ.

2018-03-01-PHOTO-00000062.jpg


No hay comentarios:

Publicar un comentario