2019/01/02

#KaialdeAuzorako! Auzo Elkartearen eskaera Udalari eta Jaurlaritzari. "El edificio Kaialde para el barrio" petición de la Asociación de Vecinos/as al Ayuntamiento y al Gobierno


Irudia: Irutxuloko Hitza

#KaialdeAuzorako! Auzo Elkartearen eskaera Udalari eta Jaurlaritzari.  

"El edificio Kaialde para el barrio" petición de la Asociación de Vecinos/as al Ayuntamiento y al Gobierno.  

( Versión en castellano aquí: https://drive.google.com/open?id=1LHMDYkg_Ud6OFME2Emc5ogjZOyfmcYS9)
(también puedes utilizar alguno de estos traductores automáticos: https://modela.eus/eu/itzultzailea http://www.itzultzailea.euskadi.eus/traductor/portalExterno/url.dohttps://translate.google.es/?hl=eu&tab=TT )

Jaun eta andere agurgarriak:

Donostiako Parte Zaharreko Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak (12/1071 erregistro zenbakia eta G75064451 IFKa[1]) izan du Donostiako Ogasuneko eta Finantzetako Zinegotziaren abenduaren 20ko ebazpenaren berri, zeinaren bidez hasiera eman nahi zaion Orixe ikastolaren egoitza izan zen eraikina[2] ‘berreskuratzeko’ espedienteari eta eskatzen zaien eraikinaren erabiltzaileei utz dezatela edozein jarduera. Jakin izan dugu, halaber, ebazpen horrek erantzuten diola Hezkuntza Sailburuak egindako eskaera bati: eraikina berreskuratzeko tramiteak egin ditzan udalak.

Aintzat hartuta gure auzoak dituen ekipamenduaren beharrak (aurrerago azalduko ditugunak), eraikin publiko hori urte luzez erabili gabe egon dela eta azken hilabeteotan eraikin horretan auzotarron zenbait behar asetzeko jarduerak garatzen hasi direla, Donostiako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunengana jotzen dugu honako hauek eskatzeko:
·       Orixe ikastolaren egoitza izan zen eraikin hori ‘berreskuratzeko’ espedientea eta ekimenak bertan behera utzi ditzazuela.
·       Eraikin horren erabilera-eskubidea[3], auzoko eragileen esku laga dezazuen, bertan heziketa ez formala zein informaleko eta auzogintza eta kulturgintzako jarduerak garatzen jarraitzeko.

Hauek dira gure eskaeraren testuingurua eta arrazoiak:
·       Urteak daramatzagu auzoko pertsonak eta eragileak eskatzen espazioak heziketa ez formala zein informala, auzogintza eta kulturgintza jarduerak garatu ahal izateko. Auzoan badira bai, kultur ekitaldi eta emanaldietan parte hartzeko aukera ematen diguten aretoak. Ez ordea auzotarrek antolatu eta garatutako heziketa ez formaleko, auzogintzako eta kulturgintzako jarduerak garatzeko. 
·       Auzo Elkarte bezala sortu ginenetik hori izan da gure egitasmo nagusietako bat: auzotarron elkarbizitza eta kohesioa sendotzen lagunduko duen erreferentziazko espazio bat edukitzea, non garatuko ziren aipatutako jarduera horiek. Behar hori gero eta nabarmenagoa egiten zaigu, auzoa pairatzen ari den bilakaera[4] eta auzo-bizitzaren narriatzea ikusita. Denboraldi labur batean eta behin-behinean zenbait areto utzi zitzaizkigun Bretxako arraindegi eraikinean. Horietan hainbat proiektu jarri genituen abian; haur txokoa, gaztelekua, kultur jarduerak… Baina behin-behineko konponbidea zen, eta areto horiek utzi behar izan genituen.
·       2014an itxaropena piztu zitzaigun: bazirudien Hezkuntza Saila eta Donostiako Udala akordioa egitekotan zirela, eta akordio horri esker Orixe ikastolaren egoitza izandako eraikin hori udalak berreskuratu eta auzoko eragileen esku jarriko zuela auzogintza, kulturgintza eta heziketa ez formaleko jarduerak garatu ahal izateko. Auzo-etxea amesteari eta definitzeari ekin genion auzoko eragile eta auzotar askok. Baina ametsa berehala zapuztu zen[5].
·       Behar publikoei erantzuteko izan behar zukeen eraikin publiko hori urte luzez[6] egon da hutsik, eta bien bitartean, auzotarron behar eta eskaera ugari asegabe (besteak beste aurretik aipatutakoak).
·       Irailean zenbait auzotar eraikinean sartu, gelak txukundu eta auzotarrontzako jarduerak antolatzen eta auzo-bizitzarako tokiak eskaintzen hasi ziren. Bertan egin dira hitzaldiak eta bilerak, mintegia eta tailer iraunkorrak[7] antolatu dira, haur txikien gurasoek haur-gunea sortu dute… Ez hori bakarrik: rokodromoa prestatu da, literatura lehiaketa egin, bertso eskola abian jartzen ari da…

Gauzak honela, ikusita auzotarron aipatu beharrak asegabe daudela eta oraindik ez dela definitu eraikin horren erabilera publikorako proiektu zehatzik, bidezkoa (bidezkoena) iruditzen zaigu egindako eskaerak ontzat ematea; hau da, ‘berreskuratzeko’ prozesua etetea eta eraikinaren erabilera-eskubidea auzoko eragileen esku uztea.
Gure arrazoiak aintzat hartuko eta eskaera ontzat emango dituzuelakoan, jaso gure agurrik adeitsuena.


Donostia, 2019-01-02
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea








Nori zuzendua:
·       Cristina Uriarte, Hezkuntza Sailburua, Eusko Jaurlaritza
·       Jaime Dominguez-Macaya, Ogasun eta Finantzako Zinegotzi Ordezkaria, Donostiako Udala
·       Eukene Muñoa, Ondare Zerbitzuburua, Donostiako Udala
·       Eneko Goia, Alkatea, Donostiako Udala.


Eskaera egilea:
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea
3043 posta-kutxa, 20800 Donostia



[1] Helbide Postala: 3043 posta-kutxa, 20800 Donostia
[2] Kanpandegi eta Fermin Kalbeton kaleetako kantoian dagoena.
[3] Ikusirik ez dela definitu eraikin horren erabilera publikorako proiektu zehatzik.
[4] Biztanleria galtzea, etxebizitzak hotel, pentsio edo apartamentu turistiko bihurtzea, espazioa publikoak jarduera komertzialetarako erabiltzea, eraikin publikoak enpresa pribatuen esku uztea, betiko komertzio- eta taberna-eredua desagertzea eta gainustiapen turistikora bideratutako komertzioak eta tabernak irekitzea…
[6] Zenbat: 12? Zuek jakingo duzue inor baino hobeto.
[7] Filosofia-mintegia, Zirko, Joskintza, Xaboigintza eta Brikolaje tailerrak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario