2019/01/02

PZB auzo-elkartearen adierazpena: Kaialde eraikinak aisialdi-, kultura- eta heziketa ez formaleko jardueretarako erreferentziazko gune egonkorra behar du izan


PZB auzo-elkartearen adierazpena, Parte Zaharreko auzotarrei eta Donostiako herritarrei zuzendua.
Berriz ere esango dugu:
Gure auzoan behar asko dira, auzo-bizitzarako ekipamenduak besteak beste.
Auzoko eraikin publikoak auzotarroi zerbitzu publikoak emateko erabili behar dira.
Kaialde eraikinak aisialdi-, kultura- eta heziketa ez formaleko jardueretarako erreferentziazko gune egonkorra behar du izan

( Si necesitas una traducción al castellano de este texto escrito en euskera puedes utilizar alguno de estos traductores automáticos:  https://modela.eus/eu/itzultzailea , http://www.itzultzailea.euskadi.eus/traductor/portalExterno/url.do o https://translate.google.es/?hl=eu&tab=TT  )

Gure auzoak ekipamenduak behar ditu, askotan esan dugu:
·        Ez dugu erreferentziazko gune egonkorrik auzo-bizitza bideratzeko eta auzogintza, kulturgintza eta heziketa ez formal zein informaleko jarduerak garatzeko. Auzoan eta inguruan badira, bai, kultur ekitaldiak eskaintzen dituzten antzokiak eta aretoak, baina ez auzotarrak elkartzeko eta elkarrekin ekin, egin eta egoteko gunerik. Auzo-bizitzak era guztietako espazioak behar ditu: bai kultur kontsumorako aretoak, baina baita sorkuntzarako guneak ere; bai hitzaldi-aretoak, baina baita gogoeta partekatu eta eztabaidatzeko tokiak ere; bai gune antolatu eta tutorizatuak, baina baita gune autogestionatuak ere…

Parte Zaharra degradazio-bidean sartzeko arriskuan da:
·        Azken urteotan nabarmen hondatu da auzotarron bizi-kalitatea, auzo-bizitza itotzeko arriskuan da. Biztanleria galtzen ari da; etxebizitza asko hotel, pentsio edo apartamentu turistiko bihurtu dira; espazio publikoak jarduera komertzialetarako erabiltzen dira; zenbait eraikin publiko enpresa pribatuen esku utzi dira negozio-jarduerak garatzeko; betiko komertzio- eta taberna-eredua desagertzen ari da eta gainustiapen turistikora bideratutako komertzioak eta tabernak nagusitzen ari dira.
·        Auzoa biziberritzeko neurri eraginkor eta urgenteak hartu behar dira, galbidean sar ez dadin, auzo bizia eta bizitzekoa izaten jarrai dezan, ez dadin bihurtu parke tematiko eta dekoratu apain. Berandu baino lehen jarri behar dira abian Parte Zaharrerako Plan Integralean aipatutako lan-ildoak gauzatzeko neurriak, jada, eraginkortasunez.
·        Auzo-bizitzarako eta auzogintzarako ekipamenduak eta espazioak izatea ezinbestekoa izango da auzoa biziberritzeko.

Auzoak bazituen eraikin publiko egokiak behar horiek asetzeko. Baina horietako batzuei bestelako erabilera eman zaie: negozio pribatuetara bideratu dira.
Bada eraikin bat berez eta legez halako beharretarako propio sortu zena, hau da, heziketa-, aisialdi- eta kultura-jardueretarako: Kaialde eraikinaz ari gara, Orixe Ikastolaren egoitza izan zenaz, gerora urte luzez itxita eta hondatzen utzi den horretaz.
·        Eraikin  horrek historia luzea du, hainbat jaberen esku izan da, eta beti heziketa-, aisia- eta kultura-jardueretarako erabili izan da. Bere erregistro-deskribapenak argi uzten du zein den bere egitekoa: Aisialdi eta kulturarako lokala da”.
·        Orixe Ikastola izan zen eraikina azken hamarkadetan baliatu zuena[1]. Orixe Ikastola bera izan zen eraikinaren azken-aurreko jabea. Auzoko ikastola hezkuntza-sare publikoan sartu zenean, eraikina Donostiako Udalaren jabetza izatera pasa zen[2]. Honela agertzen da definituta Donostiako Udalaren Ondasunen Inbentarioan: Jabari eta zerbitzu publikoko ondasuna, Hezkuntza Sailari atxikia, irakaskuntza zerbitzuetarako.
·        Duela 12 bat urte utzi zitzaion irakaskuntza-zerbitzua bertan emateari, Haur Hezkuntzako gelak Zuloagako eraikinera eraman zirenean. Eta Kaialdeko eraikina hutsik geratu zen, hondatzen, alferrik galtzen[3]. Berez eta legez izan beharko lukeen heziketa-, aisia- edo kultura-jardueretarako erabilera izan gabe. Auzoan behar handia dugunean!!!

Eta 12 urte luze horietan hor ibili gara auzotarrok behar horiek asetzeko erreferentziazko toki egonkorrik gabe. Saiakerak eta ahaleginak egin ditugu, baina ez dute fruitu egonkorrik izan:
·        Pertsona eta kolektibo ugari aritu gara jarduerak antolatzen eta antolatu nahian. Zailtasun handia izan da toki egokia lortzea. Urte horietan zehar nabarmen baino nabarmenago geratu zaigu erreferentziazko toki egonkorraren beharra.
·        Behin bitarteko irtenbide bat izan genuen, 2013-2105 bitartean, behar batzuetarako behinik behin. Bretxako Arraindegi eraikinean hiru lokal erabiltzeko aukera eman zitzaigun. Bertan Haur Txokoa, Gaztelekua eta bilera-gela izan genituen. Bizitasun handia izan zuen Haur Txokoak: gurasoek antolatuta eta autogestionatuta, dozenaka ume elkartzen ziren jolastera negu gorriko arratsaldeetan. Baina esan bezala, ez zuen luze iraun, 2015ean utzi behar izan genituen jarduera horiek Bretxako Arraindegi eraikina birmoldatzeko obrak hastear zirelako (2018aren amaiera arte hasi ez badira ere).
·        2014an itxaropena piztu zitzaigun, bai baitzirudien Hezkuntza Saila eta Donostiako Udala akordioa egitekotan zirela, eta akordio horri esker Orixe ikastolaren egoitza izandako eraikina udalak berreskuratu eta auzoko eragileen esku jarriko zuela, auzogintza, kulturgintza eta heziketa ez formaleko jarduerak garatu ahal izateko. Auzo-etxea amesteari eta definitzeari ekin genion auzoko eragile eta auzotar askok. Baina ilusioak gutxi iraun zuen, Udal Batzan garai hartan oposizioan ziren-taldeek (EAJ, PSE eta PP) horren kontra egin baitzuten[4]. Gure poza putzura joan zen.
·        2018ko irailean zenbait auzotar Kaialde eraikinean sartu, gelak txukundu eta jarduerak antolatzen eta auzo-bizitzarako txokoak eskaintzen hasi ziren. Bertan hitzaldiak eta bilerak egin dira, mintegiak eta tailer iraunkorrak antolatu dira, haur txikien gurasoek haur-gunea autogestionatua sortu dute…

Orain, Kaialdeko eraikina erabiltzen ari direnei Udalak idazki bat helarazi die.  Jarduerak egiteari utz diezaiotela eskatzen die, eta eraikina berreskuratzeko espedienteari hasiera eman zaiola jakinarazi.

Egoera honen aurrean Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak honako hauek adierazi nahi ditu:
·        Zerbitzu publikorako eraikinak horretarako erabili behar dira. Eta Kaialde eraikina heziketa-, aisialdi- eta kultura-jardueretarako propio sortutakoa izanda, halako jardueretarako erabili behar da.
·        Agintari publikoen ardura da ondare publikoa zaintzea eta zerbitzu publikorako diren eraikinak horretarako erabiltzea, bai eta herritarren beharrei erantzutea, herritarren hitza entzutea eta haien ekimenak babestea ere.
·        Utzikeria da zerbitzu publikorako eraikin bat 12 urtez hutsik egotea eta hondatzen uztea.
·        Arduragabekeria da eraikin hori abandonatuta uztea, erreferentziazko lokal egonkorrik ez izateagatik auzotarron behar asko asetu gabe dauden bitartean.
·        Parte Zaharrak badu eraikin hori  ‘berreskuratzeko’ beharra; berez izan beharko lukeen erabilerarako berreskuratu, hain zuzen: heziketa-ez formala eta informala, aisialdia, kultura…
·        Erreferentziazko gure iraunkorra behar dugu auzoa biziberritzeko: auzo-bizitza sendotzeko, auzotarron elkarbizitza eta kohesioa indartzeko, auzogintza- eta kulturgintza-jarduerak garatzeko…

Eta oraingo korapiloari askabide eraikitzailea emateko eta Ikusirik oraindik ez dela definitu eraikin horren erabilera publikorako proiektu zehatzik, honako hau proposatzen diogu Udal Gobernuari:
·        Orixe Ikastolaren egoitza izan zen Kaialde eraikin hori ‘berreskuratzeko’ espedientea eta ekimenak bertan behera utz ditzan.
·        Kaialde eraikinaren erabilera-eskubidea auzoko eragileen esku laga dezan, bertan heziketa ez formala zein informaleko eta auzogintza eta kulturgintzako jarduerak garatzen jarraitzeko.


Donostia, 2019-01-02
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea



[1] Haur Hezkuntzako gelak Kaialde eraikinean ziren; Lehen Hezkuntzakoak, berriz, Urgullen.
[2] Une horretan Udalak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari laga zion erabilera-eskubidea hezkuntza-zerbitzua ematen jarraitzeko.
[3] Eraikin horri bestelako erabilera emango zaiola noizbait aipatu bada ere (hezkuntza jarduerak, adinekoentzako apartamentuak…) hitzetatik haratago ez da joan, orain arte ez da inoiz definitu eraikin horren erabilera publikorako proiektu zehatzik.
[4] Eraikina hezkuntzako zerbitzuak (Hastapeneko Lanbide Heziketa, Irale…) emateko behar zela argudiatuz. Behar omen ziren hezkuntza zerbitzu horietaz ez da berriz ere hitz egin.



No hay comentarios:

Publicar un comentario