2020/03/19

Aupa Piter!


Konfinamendu garaian, ezin ohi bezala jai egunetako goizetan diana jotzen ibili auzoko kaleetan barna.
Hala eta guztiz ere ez dio zitari huts egin Jose Inazio Ansorena txistulariak.
Aupa Piter!

Oharra: auzotar batek grabatutako bideoa, WhatsAppez jaso dugu.

2020/03/14

Koronabirusa, ZAINTZA_SAREa eratu dute zenbait auzotarrek.

Auzotar talde batek ekimen bikain hau jarri du martxan: COVID-19a dela eta arrisku gehien duen jendeari laguntzeko asmoz ZAINTZA-SAREa eratu dute. Laguntza behar duenak 617754839 telefonora deitu edo pzzaintzasarea@riseup.net idatz dezake.
  •  Janaria edo medikamenduak erosteko
  • Umeak zaintzeko
Lagundu nahi dutenei ere haiekin harremanetan jartzeko deia egin diete.


Un grupo de vecinos ha puesto en marcha una magnífica iniciativa: crear una red de cuidadi con el objetivo de ayudar a la gente más vulnerable con motivo del COVID-19.
Quien necesite ayuda puede llamar al 617754839 o escribir a pzzaintzasarea@riseup.net

Tambien animan al vecindario a participar en la red solidaria








2020/03/01

Parte Zaharreko 15 eragileren adierazpena: Udalak Kijera Gaztetxea itxi eta auzobizitzarako ekipamendurik gabe utzi gaituela salatzeko.


Parte Zaharreko 15 eragileren adierazpena:

Udalak Kijera Gaztetxea itxi eta auzobizitzarako ekipamendurik gabe utzi gaituela salatzeko.

Auzo Erantzuna.

Gaztelaniaz: https://labur.eus/PZ-Ots29-Gazt




Gure auzoan behar handiak ditugu

Alde Zaharrak dituen behar eta gabeziak ez dira oraingoak. 2019ko otsailaren 23ko adierazpenean hauxe esaten genuen:
Parte Zaharrak, pairatzen ari den bilakaera dela-eta (turistifikazio masiboaren ondorioak, auzotarren alde egitea eta biztanleen galera, adinez zahartzea…), bere izaerari eta auzo-bizitzari eutsi eta indartzeko premia larria du eta horretarako, besteak beste, adin ezberdinetako auzotarrok  elkartzeko, eztabaidatzeko, sortzeko eta harremanak saretzeko ekipamenduak behar ditu.
Ez dugu erreferentziazko gune egonkorrik auzo-bizitza bideratzeko ezta auzogintza, kulturgintza eta heziketa ez formal zein informaleko jarduerak garatzeko ere. Gune horien bila egindako ibilbidea luzea da eta beti oztopo berarekin egin dugu topo, erantzun bera eman digute behin eta berriz: Alde Zaharrak ez duela honelako eskaintza berma dezakeen eraikinik. (…)
Eta egunez egun auzoak bizi duen egoerak okerrera egiten segitzen duela uste dugu. Etxebizitzen prezioek gora eta gora jarraitzen dute, turismoari eskainitako eraikin osoak ugaritzen ari dira, betiko denda eta  taberna ugari itxi beharrean, negozio pribatuak irentsitako espazio publikoa gero eta handiagoa, eraikin publikoetan ez dago sekula auzo erabilerarako tokirik (Bretxa, San Telmo, Moilako Portaviones eraikina, Santa Teresa…). Gentrifikazioaren gaitzak jota dago auzoa.

 

Auzoak Kijera Gaztetxea eta Kaialde eraikina behar ditu

Egoera honen erdian, Kijera Gaztetxea, bere neurrian, auzoak ekipamenduetan dituen gabezia kronikoei erantzuten aritu da azken bi urteotan.
2018ko irailaz geroztik, Kijera Gaztetxearen inguruan sortutako ekimenak eta dinamikak auzotarron zenbait premia (gazteonak, bereziki) asetzen ari ziren eta Alkatea zesioaz hitz egiteko prest agertu zenetik elkarrizketa bideari ekin genion. Horretarako, auzoko hainbat eragilez osatutako mahaia izan da udalarekin elkartu eta akordioa lantzeaz arduratu dena.
Azken hilabeteotan auzoko lan mahaiaren eta udal ordezkarien artean sortutako elkarrizketa prozesuan emandako pausoak kontuan hartuta, zesio-akordiorako baldintzetan adostasunera ailegatzen ari ginela ematen zuen, ekimen eta dinamika horiek kontsolidatzeko aukera irekitzen ari zela baitzirudien.
Bide malkartsua zirudiena, beraz, leuntzen ari zela ematen zuen 2019ko uda hasieran eta akordio duin baterako baldintzak izan zitezkeela pentsatzen hasi ginen auzoko eragileok; egia esan, zesio akordioaren zirriborro baten inguruan adostasuna lortua genuela zirudien.

Udal Gobernuak hitza jan du. Elkarrizketa eta lankidetza zapuztu

Auzotarron batzarraren ordezkariok bilera eskatu genion Udal Gobernuari Kijera Gaztetxean sortu berria zen arazo baten berri eman eta irtenbide egokiena elkarren artean bilatzeko. Bilera abenduaren 23an egin genuen, alkatetzako bi ordezkari eta lan mahaiaren zenbait kide elkartu ginen.
Bileran, egoeraren berri eman genien udal ordezkariei eta arazoaren ebazpena udalaren esku uztea egokiena zela ikusi genuen. Udalaren esku hartzea errazteko Kijera Gaztetxearen giltzak utzi genizkien udal ordezkariei eta haiek baieztatu eta berretsi zuten arazoa konpondutakoan giltzak bueltatuko zizkigutela. Gainera, Kijera Gaztetxeko kideak haien ohiko dinamikei berrekin ahal izango zietela eta Kaialde eraikinaren zesioa aztertzeko prozesuarekin aurrera jarraituko genuela ziurtatu ziguten agendan aurreikusita genuen urtarrilaren 14ko bileran, hain zuzen.
Urtarrilaren 14ko bileran, Gabinete Buruak adierazi zigun udalaren jarrera erabat aldatu zela eta ordurarte adostear zegoen eraikinaren zesioa bertan behera geratzen zela. Kaialde eraikinak egitura arazo larriak zituela adierazi zigun eta arazo horiek ezinezko egiten zutela Kijera Gaztetxeak bertan jarraitzea eta bukatutzat ematen zuela azken hilabeteetan lantzen aritu ginen zesio-akordioaren bidea. Halaber, esan ziguten arazo tekniko horiek zeintzuk ziren zehaztasunez azalduko zizkigutela otsailean egingo genuen bilera batean (udal teknikariak behin betiko txostena amaitutakoan) eta aipatutako txostena otsaileko bilera horretan erakutsiko zigutela.
Udalaren erabaki horrek eta bozeramaleak erakutsitako jarrerak proiektu horren inguruan piztutako espektatibak zapuztu egin ditu. Izan ere, bat-batean, udal ordezkariek (Gaztetxea hutsik zegoela eta giltzak eskuan zituela aprobetxatuta)  urratutako bideak itxi, itxaropenak zapuztu eta lankidetza-dinamika deuseztatu dituzte.
Kolpe bakarrean auzoa ezer gabe utzi dute eta, zoritxarrez, aurreikuspenik ezkorrenak bete dira, egindako bidea pikutara bidaliz.

Alkatetzak ez gaitu agindutako otsaileko bilerara deitu

Otsailak 29 ditu gaur, hileko azken eguna da, eta alkatetzak ez gaitu agindutako bilerara deitu. Hitza jan dute, berriz ere. Agindutakoaren kontra giltzak itzuli ez zizkigutenean bezalaxe.
Egoera larria da. Kijera Gaztetxea eta Kaialde eraikina galduta auzo bizitzarako tokirik gabe gelditzen da Parte Zaharra.

Aipatutako arrazoiak hitz hutsak dira, ez digute txosten teknikorik erakutsi

Giltzak ez itzultzeko eta zesio-bidea ixteko ustezko arrazoiak teknikoak omen dira. Txosten tekniko batek hori erakusten omen du, baina urtarrileko bileran ez ziguten behin-behineko txostena erakutsi nahi izan, eta behin betikoa erakusteko eta eraikinaren arazoak zehaztasunez azaltzeko agindu ziguten bilera ez dute deitu. Ez deitu, ez besterik esan ere.  Sinestu behar al diegu?

 

Udalari dei egiten diogu

Honenbestez, dei egiten diogu Udal Gobernuari okertutako bidea zuzendu eta abenduaren 23ko bileran hitz emandakoa bete dezan, Kijera berriz ere irekitzeko aukera eman eta lehenbailehen adostear genuen zesio-akordioa sina dezan.

Donostia, 2020ko otsailaren 29a

Parte Zaharreko eragile hauek (15) :
       Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea
       Guardetxea
       Herria Elkartea
       Kresala Kultur Elkartea,
       Orixe Ikastolako Guraso Elkartea
       Haurguneko Gurasoak
       Kijera Gaztetxea
       Alde Zaharreko Gazte Asanblada
       Kale Lagunak Kirol Taldea
       Hotel + Ez
       Haraino astialdi taldea
       Arrano Beltza Euskaltokia
       Kai Harripe elkartea
       Euskal Jaien Batzordea