Parte Zaharra, Intxaurrondo, Herrera, Altza, Gros, Ulia, Egia, Amara Berri eta Aieteko auzo elkarteak, Bera-Bera Elkartea eta Bizilagunekin Plataformako elkarteak beherago irakur daitekeen Manifestua argitaratu dugu. Eta berariaz eskatu zaie alkateari eta hiriko kaleetan osasuna eta segurtasuna bermatzeko ardura duten zinegotziei, donostiarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko hartu nahi dituzten neurri eraginkorrak publikoki zehaztu ditzaten, arlo horretan ditugun oinarrizko eskubideak urra ez daitezen.
Osasunaren eta espazio publikoaren defentsan, donostiarren
eskubide kolektiboa delako
Koronabirusak eragindako krisia dela eta, erakundeek herritar guztien
osasuna babestera bideratutako erabakiak hartu behar dituzte, lehentasunez.
Krisi honen ondorioek (osasun, ekonomia, gizarte… ondorioek) luze iraungo
dute, eta “normaltasun berriak” herritar guztiengan eragina izango du eragina.
Osasun-alarma indarrean dago oraindik, jarraitzen dugu; eta ordu gutxi
batzuk daude paseatzera ateratzeko. Datozen asteetan pertsonen arteko
distantziak bermatzen jarraitu behar dugu, gure osasuna babesteko.
Hedabideen bitartez izan dugu ostalaritzako presio taldeek estatuan abian
jarri duten kanpainaren berri: terrazen espazioa handitzea, ordutegia luzatzea
eta ordenantzak malgutzea eskatzen ari dira.
Osasun arrazoiak direla medio aforoak murriztuko direnez, terrazak handitu
nahi dituzte; metro koadro gehiago nahi dituzte. Espazio publikoa abandonatuta
balego bezala, erabilerarik gabeko espazio bat balitz bezala, norbaitek kolonizatu
eta bere mahaiak hantxe jarri zain balego bezala.
Espazio publikoa guztion espazioa da, ez soilik joan-etorrietarako bide bat;
orobat da eskubide kolektibo bat, ezinbestekoa elkarrekin erlazionatzeko,
pertsonen arteko harremanak sortzeko, komunitatearen, auzoaren, parte garela
sentitzeko.
Arduragabekeria galanta da bezeroek distantzia sanitarioa bete dezaten
terrazen tamaina handitzea eskatzea, eta, aldi berean, sektoreak ez ikusiarena
egitea terrazak handituz espazio fisikoa murrizteak hiriko biztanleen eta auzo
eta kaleetan ibili behar dugunon osasuna eta segurtasuna bermatzeko eragingo dituen
eragozpenei.
Ez da onargarria erabilera pribatuaren mesedetan terrazak handitu nahi izatea,
espazio publikoa murriztuz –lehen ere nahiko mugatua baitago–. Are gutxiago,
kontuan hartuta espazio gehiago okupatzeko asmoak herritarren osasun eta segurtasunerako
eskubidea urratzen duela.
Ez al dira jabetzen ostalaritzako establezimenduen barruan ezartzen den distantzia
sanitarioa errespetatu beharra dagoela kalean ere? Atarietatik sartu-irtenak
egiteko 1,5 metro behar ditugula bizilagunek, eta terrazek tarte hori errespetatu
beharko dutela (gaur egun ordenantzak baimentzen dituen 60 cm-en ordez)? Tartea
utzi behar dela kalean bi lagunek elkar gurutzatzean distantzia sanitarioak
errespetatu ahal izateko, horretarako terrazetako mahaiak kendu beharko balira
ere?
Udalaren erantzukizuna da interes orokorra defendatzea eta herritarren
osasuna zaintzea. Haren betebeharra da gure kale eta auzoetan pertsonen arteko
distantzia errespetatu ahal izango dela bermatzea.
Hori guztia kontuan hartuta, behean sinatzen dugun auzo
elkarteek Donostiako Udalari eskatzen diogu:
1.
Ez ematea
terrazek espazio gehiago okupatzeko baimenik.
2.
Ez ematea
ostalaritzako ordutegiak luzatzeko baimenik.
3.
Ez malgutzea
espazio publikoa okupatzeko ordenantzak.
4.
Bermatzea
oinezkoentzako espazioak dagokien distantzia sanitarioa errespetatzen dituela.
Donostian, 2020ko maiatzaren 6an
AGIRI HONEN SINATZAILEAK:
PARTE ZAHARREAN BIZI AUZO
ELKARTEA,
AAVV LANTXABE-AIETE,
AAVV IZBE-Intxaurrondo
AAVV Harripe
Herrera-Altza
AAVV Egia Bizirik
AAVV Hondarpe-Gros
AAVV Amara Berri
AAVV Ulia
Agrupación de
Comunidades Bera-Bera
Eta Bizilagunekin plataforma
No hay comentarios:
Publicar un comentario