2020/06/15

Auzoko tokiko merkataritza bultzatzeko kanpaina babesten dugu


Donostiako Udalak "tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina" bat jarri du abian, erosketa-bonuen sistema baten bidez. Bonu horiek "online" bidez erosiko dira, kanpainari atxiki zaizkion Donostiako saltokietan trukatzeko (ikus laukia).

Gure auzo elkartea, Parte Zaharrean Bizi, aspaldidanik ari da salatzen gure auzoa turismo- eta ostalaritza-konplexu handi bat bihurtu dela, eta bizilagunok gure eguneroko erosketak egiten genituen ohiko tokiko merkataritza tradizionala tabernek, jatetxeek, hotelek eta souvenir dendek ordezkatu dutela.

Badakigu, alarma-egoera baino lehen, Alde Zaharreko tokiko merkataritzak eta hurbileko merkataritzak zailtasunak izan bazituztela: Internet bidezko erosketak, alokairu handiko lokalak, erretiroagatiko jarduera-segidarik eza, Udalak orain arte merkataritza-mota horri laguntzarik ez ematea (ostalaritza eta azalera handiak sustatuz). Kontua da, arrazoi batzuk edo beste batzuk direla medio, azken urteotan ikusi dugula, ezinbestean, nola itxi diren saltoki asko eta nola ordeztu dituzten frankiziek, turismoari zuzendutako dendek eta ostalaritzarako biltegiek.

Koronabirusa izan daiteke geratzen zaigun tokiko merkataritza urriari akabera emango diona. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu tokiko merkataritzaren susperraldia babestea, bereziki larria den une honetan.

Baina ez dugu begi onez ikusten Udalak laguntza horiek (zuritze hutsa iruditzen zaigu gehienez, 1.600€ko laguntza ematea, hori ez baita krisia gainditzeko aski) tokiko merkataritzako enpresei ez ezik, frankizia edo inbertsio-taldeetako turismo eta ostalaritzako enpresei ere emango zaizkiela erabakitzea, nahiz bertakoak, nahiz nazioartekoak izan. Merkataritza tradizionalari eusten laguntzea ez da bateragarria hura ordezkatzen ari direnei ere laguntzearekin, ezin dira "tokiko merkataritzaren" zaku berean sartu.

Hala eta guztiz ere, Parte Zaharrean Bizi elkarteak kanpaina babestea erabaki du, beharrezkotzat jotzen baitu tokiko merkataritza bultzatzea, eta bat dator Udalarekin "plataforma global handien bidezko merkataritza elektronikoaren mehatxuaren aurrean, sektoreari babesa ematea, …" garrantzitsutzat jotzen duenan. Guk beste mehatxu batzuk ere gehituko genituzke, hala nola hiriko gobernuaren beraren erabakiekin zuzenean lotuta dauden azalera handiak ugaritzeko eta/edo handitzeko baimena.

Ondorioz, auzotarrek datorren urteko martxoaren 14a baino lehen erosketaren bat egiteko asmoa badute (kontsumitzeagatik ez da kontsumitu behar, noski), bonuak erostera animatu nahi ditugu, eta bonu horiek tokiko saltokiei benetan laguntzeko izan daitezela. Azken batean, bonuekin, edo bonurik gabe, gure aukera tokiko merkataritzan erostea ezan dadila.

Informazio gehiago, Udaletxeko web orrian: https://www.donostia.eus/home.nsf/0/9757DF78AFC8D351C1258574003B527B?OpenDocument&idioma=eus  

Erosketa-sistema
www.donostiamarketplaza.eus web orrian sartu eta zein establezimendutarako erosi nahi den aukeratu behar da. 20 €-ko balioa du, eta erosleak 14 € besterik ez du ordaintzen. Beste 6 euroak Donostiako Sustapenak ordainduko dizkio establezimenduari. Gehienez, bost bonu eros daitezke, dela establezimendu baterako, dela gehiagotarako, baina bonu bakoitza erosi den establezimenduan soilik erabil daiteke.

Bonuak maiatzaren 27tik abuztuaren 31ra bitartean erosi ahal izango dira (ala agortu arte). Bonuak 2021eko martxoaren 14ra arte aldatu ahal izango dira.


No hay comentarios:

Publicar un comentario