2021/01/22

Ertzaintzaren jokaera bortitzaz eta Trinitate Plazaren Itxieraz. Honela ez!

 

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, gure auzoan, azken egunotan, Trinitate Plaza eta San Sebastian egunaren inguruan gertatukoaz, EAEko eta Udaleko agintariei, adierazi nahi die:

 

Honela ez!

  • Ertzaintzaren jokaera bortitzaz. Honela ez! Zerk justifikatu dezake honelako jokabidea? Zerbaitek justifikatu lezake? Honela ez! Hori ez da zaintza lana!
  • Trinitate Plazaren Itxieraz. Honela ez. Hiritar baten batek toki jakin batean, ustez, portaera desegokia izateak justifikatzen al du elkarbizitzarako espazioak ixtea? Areago toki hura bada eskolako umeen aisialdirako eta eskola kirolerako espazio bakarra eta auzoko haur eta gazteen bilgune nagusia.

 

Ertzaintzak azken egunotan izan duen portaera ulergaitza zaigu. Bideo askotan islatuta geratu dira auzotar askok zuzenean bizi eta ikusi ditugun praktika bortitzak: autoak auzoko oinezko kale estuetan barna abiadura bizian eta sigi-saga, kaletik pasatzen ari zen jendea arriskuan jarriz, baita bazterrera egiten zutenak ere; lauzpabost ertzain gazte baten kontra oldartu eta lurrera bota, lurrean dutela gaztearen buruaren gainean belaunikatu, indarrez lurretik altxarazi eta ertzantzaren autoan bultzaka autoan sartu; protestan aurrean zutenak, hitza baino baliatzen ari ez zirenak, borraz erasotu; pelotak jaurti ageriko arrazoirik gabe… Portaera horiek gelditu behar dira zerbait larriago gertatu baino lehen. Jaurlaritzaren ardura da ertzaintza zaintza lanean jartzea, eta auzotarrontzat arriskutsuak diren jokabideak etetea.

 

Arazoaren jatorria Trinitate Plazan omen dago, bertan gazte batzuk elkartu eta boteiloian ari omen ziren, arduragabe, ziurtasun neurriak bete gabe. Hedabide nagusiek hori kontatu digute; eta zenbait auzotarrrek eta Gazte Asanbladak, ordea, gezurtatu dute. Baten bati arazoa prebenitzeko ideia bikaina bururatu zaio: plaza ixtea. Plaza itxi zuten astearte arratsaldean. Orixeko ikasleak Eskola Kirola egiteko tokirik gabe utzi zituzten, eta elkargune eta jolastokirik gabe auzoko haur eta gazteak. Espazioak ixtea al da arduragabekeria prebenitzeko modurik egokiena? Errepideak ixten al dituzte zenbait gidarik abiadura mugak gainditzen dituztelako? Trinitate Plaza erabilera publikorako gero ta errazago, gero ta gehiagotan ixten dute: jazzaldia edo zinemaldia dela, erakusketa bat dela, enpresa bati utzi zaiolako ekitaldi pribatu baterako, horiek desmontatzeko lanak behar baino askoz gehiago luzatzen direlako… Ahaztuta plaza hori dela auzotarrontzako arnasgune garrantzitsua, nagusia edo bakarra askorentzat: haurrak eta gurasoak, gaztetxoak, gazteak, kirola egin nahi dutenak…

 

Osasuna zaintzea ezin da izan auzotarron eskubideak eta esparruak mugatzeko arrazoia. Prebentzio eta zaintza lanak ezin dira honela egin. Izan ere, bide horiek ez dute zerikusirik prebentzioarekin eta zaintzarekin

 

Gelditu! Aldatu! Zaindu auzoa eta auzotarrak!

 

Donostiako Parte Zaharrean, 2021eko urtarrilaren 22an

 

Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea.

2021/01/02

Auzotarron talde batek idazkia plazaratu du, kezkatuta Konstituzio Plazan gaua igarotzen duten pertsonen egoeragatik eta udalaren jarreragatik.

 Hemen idazkiaren zenbait pasarte:

Agintari eskudunei eskatzen diegu beharrezko baliabideak berehala aktiba ditzatela. Gizarte-ongizateko teknikariei bidaltzea, poliziei bidali beharrean, arazo larri horri benetako irtenbidea emateko. Halaber, premiazko laguntza aktibatzen den bitartean, udaltzaingoek eta garbiketa zerbitzuek ez ditzatela jazarri eta Konstituzio plazako arkupeetan lo egin dezatela eskatzen dugu. Hiriko toki ez hain ikusgarrietara botatzea arazoari ez ikusiarena egitea da. Eta okerrena, anonimotasunean hiltzera kondenatzea da.

 Hemen idazki osoa, euskaraz:

Hemen idazkia gaztelaniaz: