Adibide argia: Jazzaldian, egiten zirenaz gain (Trini, San Telmo...) aurten Konstituzio Plazan ere egingo dira
Kontzertu horiek maiz soinu-maila handia (gehiegizkoa eta arauz kanpokoa, gehienetan) eragiten dute auzotarren etxeetan.
Kalte horiek ekidite aldera neurri eraginkorrak --ofizioz- har ditzan eskatu diogu Udal Gobernuari. Erregistroz aurkeztutako idazkia jarraian duzue:
Idazkia osorik eskuratzeko klik egin hemen
Irudiaren iturria: https://media.giphy.com/media/pSelpGmPMlYQ0/giphy.gif |
===
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen IDAZKIA UDALARI ESKATZEKO
OFIZIOZKO NEURRI ERAGINKORRAK HAR DITZAN JAZZALDIAN ETA BESTELAKO KONTZERTU ETA MUSIKA-EMANALDIETAN GEHIEGIZKO SOINU-MAILA EKIDITEKO
Izan ere...
- · Auzoko plazetan (Trinitate Plaza, Konstituzio Plaza...) gero eta musika-emanaldi gehiago antolatzen dira.
- Musika-emanaldi horiek, maiz, berandu arte luzatzen dira, eta, askotan, inguruko etxeetan soinu-maila oso altua (Legez onartutakoaren gainetik, gehien-gehienetan) eragiten dute ([1]).
- Udaltzaingora deitzeak ez du arazoa konpontzen. Deitu dugunetan honelako erantzunak jaso izan ditugu: “Ezin dugu neurririk hartu: emanaldiak udalaren baimena du”; “Zure etxera joan gaitezke, eta soinu-maila etxe-barnean neurtu; baina, hala ere, ezin diegu bolumena jaisteko eskatu; baimena baitute”...
- Datozen asteotan Jazzaldiaren kontzertuak izango ditugu Trinitate Plazan, baita Konstituzio Plazan ere (ordu luzeetan gainera: 19:00etatik 24:00etara, iragarri digutenez).
- Sonoritateari dagokionez, Parte Zaharreko kale eta plazek problematika larria dute berariazko ezaugarriak dituztenez. Hala frogatu zen 2014-15ean egindako ikerlanean: udan egindako neurketa-saio guztietan eta gainerako urte-sasoietan egindako gehien-gehienetan legez onartutako soinu-maila gainditzen zen. Eta arazo horren konponbidea ez da erraza: auzoko ezaugarri arkitektonikoak direla medio (kale estuak, harrizko horma duten eraikinak...), soinu-emisio moderatuek ere eragin handia dute etxebizitzetan, eta erraz gainditzen dute legez onartutako maila.
Horrenbestez, zera eskatzen dugu:
- Bete dadila, behingoz ([2]), udalak behin eta berriz egin digun promesa: auzoko plazetan kontzertu eta musika-emanaldi gutxiago egingo direla (gaur-gaurkoz bertan egiten diren batzuk hiriko beste plaza batzuetara eramanda).
- Parte Zaharreko plaza eta kaleetan kontzertuak eta antzekoak egiteko baimena ematen denean, ez dadila baimenik eman anplifikadoreak erabiltzeko, argi zehaztuta gelditu dadila beti (baimenean) zein den gainditu ezin den soinu-maila gehienekoa, eta zer ondorio ekar ditzakeen arau hori hausteak. Eta salbuespeneko kasuren batean, anplifikadoreak erabiltzea ezinbestekoa balitz, ofiziozko neurri eraginkorrak har daitezela legez onartutako soinu-maila gainditu ez dadin etxebizitzetan. Besteak beste, neurri hauek:
o Udalak emandako
baimenean argi islatu dadila zein den anplifikatze-sistemak emiti dezakeen
gehieneko bolumen-maila. Eta ez dadin inoiz baimenik eman, soinu-muga zein den zehaztu
gabe.
o Etxebizitzetan
eragiten den soinu-maila zenbatekoa den jakiteko, jar dadila
neurketa-sistemaren bat eraikuntza publikoetan (San Telmo Museoaren atzealdean,
Trinitate Plazara ematen duen aldean; Udaletxe eta Liburutegi Zaharrean
Konstituzio Plazara ematen duen aretoren batean). Eta neurketa-sistema horrek
abisua eman dezala etxebizitzetan onartuta dagoen gehieneko soinu-maila
gainditzen denean.
o Soinu-maila
gainditzen den kasuetan, udaltzainak joan daitezela berehala anplifikatze-sistema
kontrolatzeko mahaira eta bolumena jaitsi dezatela agindu.
o Arau-haustea
emanaldi berean hainbat alditan errepikatuz gero, baimenean ezarritako neurriak
har daitezela eta emanaldia bertan behera utzi.
- Neurri hauek abian jar daitezela jada, aurtengo Jazzaldiko ekitaldietatik hasita.
- Noizbait, arau hori apurtzeko beharrik egongo balitz, izan dadila horretarako arrazoi sendo-sendoak daudelako eta auzoarekin lotura argia duten ekitaldi klasikoetan (San Sebastian Festa, Auzoko Jaiak, Euskal Jaiak...).
Donostian
2016-07-08
[1]
Adibidez, 70 db gora, kristal bikoitzeko leiho guztiak itxita egin dugun azken
neurketan
[2]
“Behingoz” diogu promesa hori askotan egin zaigulako. Eta hala ere gero eta soinu-emanaldi
gehiago antolatzen dira Parte Zaharreko plazetan.
Idazkia osorik eskuratzeko klik egin hemen