Auzo Elkartearen bazkide baten iritzia argitaratzen dugu.
Azken asteetan Trinitate enparantza denen ahotan dago. Eragile
eta auzotar askoren pilota-lekuaren estaltze eskaerak, estaltzeko lehiaketa
publikoak eta Peña Ganchegui Artxibategi bulegoaren aurkako jarrerak berriro piztu dute eztabaida.
Enparantzaren erabilgarritasuna eta funtzionaliatea,
auzotarron beharren mesedetan versus
arte lan eder ukiezina, lehiaketa bertan behera uztea, “bere” ezaugarri
estetikoak mantentzea, Peña Gancheguik 1963. urteko esku hartzeraino iritsiz.
Lehikatea geldiaraztearen alde daudenek, berez, Parte
Zaharreko auzotarroi hitza eta erabakaia ukatzea dute helburu, afera honen
inguruko erabaki-gunea Donostia hiri mailan kokatu behar dela esanez.
Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteko bazkideok, aldiz, zer
erabaki, nola erabaki eta nork erabaki behar duen oso garbi daukagu: Trinitate
enparantzaren erabilera, kontsultaren bitartez eta Parte Zaharreko auzotarron
artean, hurrenez hurren. Auzi honi, noizbait auzirik izan bada, –estetika arazotik
haratago oportunismo kutsua baduelako- behin-betiko irtenbide egonkorra eman
nahi bazaio, auzotarroi hitza ematea da bidea.
Eztabaida hau modu publikoan, lasaian, serioan, demokratikoan
eta aurreiritzirik gabekoan egin behar da, susmoa dut, bestela, Trinitate
enparantzaren egoerak bere horretan iraungo duela.
Gauzak horrela, auzotarrok ez dugu lortuko enparantza esparru
publiko, irekia eta parte hartzaile bihurtzea, kalitatezko esparrua izateatik esparru degradatu izatera kondenatua izaten jarraituko
duelako. Parte Zaharrak eta
auzotarrok ez dugu hau merezi!
Baina nola aurrera
egin? Auzo Elkarteak bi urte luze daramatza Udaletxeari estaltzeko
lehiaketa publikoa lehenbailehen abian jartzea eskatzen. Konbentzituta baikaude
lehiaketa horrek enparantzarekin zer egin
eta zer erabilera eman erabakitzeko balioko lukeela, beti ere, ikuspuntu
integral batetik.
Era berean, lehiaketa horrek hiriaren ondarea nola kudeatu
den eztabaidatzeko ere balioko luke, baita lan hau burutzerakoan Peña
Gancheguiren parte hartzea nolakoa izan zen jakiteko eta parte hartzea bera eztabaidan
jartzeko ere.
Udal-Gobernu berriak lehiketarekin jarraituko du? Bermatuko
du eztabaidatzeko eta erabakitzeko
aukera?
Parte Zaharra aldatu den bezala, aldi berean, nola ez,
auzotarron beharrak ere aldatu dira -begi bistan dago, nola gainera, baina
honek beste eztabaidara eramango gintuzke-. Alde Zaharra ia Donostiako hiria bera
osatzetik auzorik txikiena, zaharkituena, aisirako monofuntzionala eta
auzo-ekipamendurik gabekoa izatera pasa da.
Auzoak bizitzeko guneak dira. Auzo Elkarteak bizigarritasun
baldintzak hobetzea, egokitzea du xede, esparru guztiei bere eginkizuna
bilatuz, finean, auzotarron zerbitzura jarriz. Eta, horretarako, jakina,
auzotarron parte hartzea bera ezinbestekoa izateaz gain, berme bakarra da.
1963. urtean Euskal Herriko instituzioak gerra zibilaren
irabazleen pean zeuden eta garai hartan aginte guztiak tematuak zeuden euskal
ezaugarri guztiak suntzitzen. Data horretan Peña Ganchegui Udaletxeko langilea
zen eta Trinitate enparantzaren aldaketa-lanak berak burutu zituen Aldundia eta
Udalaren aginduetara. Egun lan horien planoak ez daude inoiz existitu ez direlako.
Zer gertatuko litzateke gaur egun norbait etorriko balitz
1963an egindako guztia bota egin behar dela esanez, Jesuiten ikastetxearen
historiaren zati bat eta hiriko historiaren harresi zaharra estaltzen duelako?
Luzamendu gehiagorik ez! Trinitate enparantza Parte
Zaharreko auzotarrontzako! Auzotarrok daukagu hitza eta erabakia!
No hay comentarios:
Publicar un comentario