2015/09/18

Auzotarron atsedena eta bizi-kalitatea bermatzeko "Gutxieneko Neurriak" hartu behar ditu udalak

Auzo Elkarteak hedabideetara bidalitako pretsa-oharra duezue hemen

PRENTSA OHARRA

Gaueko aisialdiak eta neurriz kanpo turismoak sortutako zaratak eta eragozpenak jasan ditugu uda honetan, (Donostian ez ezik Bilbo.Iruñea eta beste zenbait hirian ere). Jakin dugu, bestalde, hiri horietako batzuetan arazoari aurre egiteko neurriak hartzen hasiak direla: tabernak edo turismorako ostatalekuak irekitzeko baimen berririk ez ematea, esaterako. Estatuko hiri handienetan (Madrilen eta Bartzelonan) ez ezik Euskal Herrikoetan ere: Iruñean eta, joan zen astean, Bilbon. Euskal hiri horietan ostalaritza establezimenduen ratioa biztanleko Donostiakoa baino txikiagoa da, nabarmen.

Donostian, duela 15 bat urte, Parte Zaharra “Alde Saturatua” (Gainezkaturiko Aldea) izendatu zuen Udal Gobernuak, 166 biztanleko taberna bat baitzegoen. Hala izanda ere, amarru eta trikimailuen bidez araudiari izkina-eginez (negozioari bestelako izendapena jarriz, lizentzia aldatuz edo zabalduz ...) taberna gisako establezimendu berriak ireki dira eta orain Parte Zaharrean 100 biztanleko 3,45 establezimendu ditugu; 29 biztanleko bat, alegia (Iruñean mugak ezarri dituzte 55 biztanleko 1 izanda).

Egoera honetara iristeko, zer gertatu da azken urteotan?

Parte Zaharreko zarata-maila ezagutzeko Udalak joan zen urtean egindako ikerlanak argi erakusten du: zarata maila arauz kanpokoa da eta auzotarren atsedena eragozteko modukoa (udan zein neguan, aztertutako une eta gune guztietan). Honek auzotarron osasunerako arriskua nabarmena dakar. Gainera espazio publikoaren erabilera pribatizatzen joan da eta auzoa aisialdirako parke tematikoa bihurtzen ari zaigu

Turismorako ostatalekuak ugaritzen ari dira (une honetan, gutxienez, 177 apartamentu eta 53 pentsio daude; gutxienez diogu legez kanpo dihardutenak zenbatzen zaila delako). Ugaritze honek arriskua dakar: auzoan bizi nahi dutenek etxea bertan aurkitu dezaten eragozten baitu.

Lan-mahai bat eratu behar da, egoera aztertu eta irtenbideak bilatuko dituena, auzoak etorkizuna izan dezan (auzo bizi gisa, eta ez turismorako eszenatoki moduan). Neurriak hartzen ez badira, auzoak –auzo gisa- desagertzeko arriskua du.

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Udal Talde guztiekin bilerak egin ditu, auzotarron bizi-kalitatearen galeraren aurreko kezka azaltzeko eta irtenbideen bila lanean jartzeko gonbitea luzatzeko; oinarri gisa Gutxieneko neurrien proposamena” helarazi diegu (honekin batera bidaltzen dizueguna).

Dokumentu horretan, ostalaritza-lizentziak emateko moratoria ezartzea eta egungo araudiak zorrotz bete daitezela eskatzen dugu.

Oharra: “Egungo arautegiko puntu nagusiak” eta “Ostalaritzak auzoan okupatutako tokia” izeneko dokumentuak ere eskura dituzue.


Donostia, 2015-09-12

No hay comentarios:

Publicar un comentario