2013/07/09

Zaraten Mapa, Giro-Soinua Hobetzeko Ekintza-Plana eta Babes Akustiko Berezia behar duten Eremuak



DONOSTIAKO UDALERRIKO GIRO-SOINUA HOBETZEKO EKINTZA PLANARI PARTE ZAHARREAN BIZI AUZO ELKARTEAK AURKEZTU DIZKION ALEGAZIOAK
Donostiako Udalerriko Giro-Soinua Hobetzeko Ekintza-Planari alegazioak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaitu zen.

Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak proposamen-bateria bat aurkeztu du planak kontuan hartzen dituen zarata iturrien artean ostalaritza jarduera intentsiboa eta gaueko aisialdia ere aintzat har daitezen, batetik, eta, bestetik, Parte Zaharra Babes Akustiko Berezia behar duen Eremu (BABE) izenda dezaten

Azken urte hauetan tabernetako jardueraren parte handi bat lokaletik kanpo egiten ari da, kalera hedatu da. Taberna-jarduerak berezko esparrua gainditu egin du, eta kalean gero eta toki gehiago hartzen ari da.

Zaratak eragindako arazoei trataera espezifikoa eman nahi diola adierazten du Udalak Planean. Horrexegatik eskatzen dugu araudi berriak aisia-jarduerek eragindako zarata ere kontuan har dezan; errepideko zein trenbideko trafikoak edota industriak eragindako zaraten maila berean

Jarraian daude (laburtuta) aurkeztutako alegazioen helburuak ( dokumentu osoa ikusteko klik egin hemen):

Ø  Aisia- jarduerek eragindako zaraten mapa egitea lehenestea. Eta maparako lehen neurketak ostalaritza jardueraz saturatutako zonaldeetan egitea, Parte Zaharrean besteak beste.

Ø  Kalitate akustikorako helburuetan ezarritako soinu-maila gainditzen duten zonaldeak identifikatzea eta Babes Akustiko Berezia behar duen Eremu (BABE) izendatzea

Ø  BABEetan eta interes-zonaldeetan hartu beharreko neurriak hauek lirateke:

ü  Tabernak edo terrazak lehenago ixtea

ü  Terrazen tamaina eta kokapena egokitzea

ü  Jaiak edota musika emanaldiak egiteko eman ohi diren baimenen kopurua eta ekitaldi horiek egiteko aukeratu ohi diren tokiak egokienak ote diren aztertzea

Ø  Aisia-jarduerek eragindako zaraten mapak lantzen diren bitartean, taberna edota terraza berririk irekitzeko baimenik ez ematea

Ø  Kontzientziazio-kanpainak egin daitezela. Eta kanpaina horiek ez daitezen  mugatu “elkarbizitza eta jardueren konpatibilitatea” aldarrikatzera, atsedenerako eskubidearekiko errespetua sustatu ere egin dezaten (beste hiri batzuetan egin dira eredu gisa balia daitezkeen kanpainak). Halaber, zarata sortzen duten zergatietan eragitera bideratutako kanpainak ere egin daitezen.

Gauzak horrela, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteari  lehentasunezkoa iruditzen zaio aisia-jarduerek eragindako zaraten mapa 2013a amaitu baino lehen egitea. Egoera zein den eta Donostiako herritarrek jasaten dugun zarata-maila zenbatekoa den jakiteko, batetik, eta, bestetik, zarata jasangaitzak eta kaltegarriak desagerrarazte aldera neurriak hartzeko.

Donostia, 2013-07-08

Para ver la nota de prensa en castellano haz clic aquí 
Dokumentua euskaraz jaisteko klik egin hemen

No hay comentarios:

Publicar un comentario