2016/07/13

Udalari eskaera: KONTZERTUETAN eta GEHIEGIZKO SOINU-MAILA EKIDITEKO OFIZIOZKO NEURRI ERAGINKORRAK HAR DITZAN

Gero eta musika-emanaldi gehiago antolatzen dira auzoko kale eta plazetan
Adibide argia: Jazzaldian, egiten zirenaz gain (Trini, San Telmo...) aurten Konstituzio Plazan ere egingo dira

Kontzertu horiek maiz soinu-maila handia (gehiegizkoa eta arauz kanpokoa, gehienetan) eragiten dute auzotarren etxeetan. 

Kalte horiek ekidite aldera  neurri eraginkorrak --ofizioz- har ditzan eskatu diogu Udal Gobernuari. Erregistroz aurkeztutako idazkia jarraian duzue:

Idazkia osorik eskuratzeko klik egin hemen

Irudiaren iturria: https://media.giphy.com/media/pSelpGmPMlYQ0/giphy.gif

===
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen IDAZKIA UDALARI ESKATZEKO 
OFIZIOZKO NEURRI ERAGINKORRAK HAR DITZAN JAZZALDIAN ETA BESTELAKO KONTZERTU ETA MUSIKA-EMANALDIETAN GEHIEGIZKO SOINU-MAILA EKIDITEKO




Izan ere...
  • ·         Auzoko plazetan (Trinitate Plaza, Konstituzio Plaza...) gero eta musika-emanaldi gehiago antolatzen dira.
  • Musika-emanaldi horiek, maiz, berandu arte luzatzen dira, eta, askotan, inguruko etxeetan soinu-maila oso altua (Legez onartutakoaren gainetik, gehien-gehienetan) eragiten dute ([1]).
  • Udaltzaingora deitzeak ez du arazoa konpontzen. Deitu dugunetan honelako erantzunak jaso izan ditugu: “Ezin dugu neurririk hartu: emanaldiak udalaren baimena du”; “Zure etxera joan gaitezke, eta soinu-maila etxe-barnean neurtu; baina, hala ere, ezin diegu bolumena jaisteko eskatu; baimena baitute”...
  • Datozen asteotan Jazzaldiaren kontzertuak izango ditugu Trinitate Plazan,  baita Konstituzio Plazan ere (ordu luzeetan gainera:  19:00etatik 24:00etara, iragarri digutenez).
  • Sonoritateari dagokionez, Parte Zaharreko kale eta plazek problematika larria dute berariazko ezaugarriak dituztenez. Hala frogatu zen 2014-15ean egindako ikerlanean: udan egindako neurketa-saio guztietan eta gainerako urte-sasoietan egindako gehien-gehienetan legez onartutako soinu-maila gainditzen zen. Eta arazo horren konponbidea ez da erraza: auzoko ezaugarri arkitektonikoak direla medio (kale estuak, harrizko horma duten eraikinak...), soinu-emisio moderatuek ere eragin handia dute etxebizitzetan, eta erraz gainditzen dute legez onartutako maila.

Horrenbestez, zera eskatzen dugu:

  • Bete dadila, behingoz ([2]), udalak behin eta berriz egin digun promesa: auzoko plazetan kontzertu eta musika-emanaldi gutxiago egingo direla (gaur-gaurkoz bertan egiten diren batzuk hiriko beste plaza batzuetara eramanda).
  • Parte Zaharreko plaza eta kaleetan kontzertuak eta antzekoak egiteko baimena ematen denean, ez dadila baimenik eman anplifikadoreak erabiltzeko, argi zehaztuta gelditu dadila beti (baimenean) zein den gainditu ezin den soinu-maila gehienekoa, eta zer ondorio ekar ditzakeen arau hori hausteak. Eta salbuespeneko kasuren batean, anplifikadoreak erabiltzea ezinbestekoa balitz, ofiziozko neurri eraginkorrak har daitezela legez onartutako soinu-maila gainditu ez dadin etxebizitzetan. Besteak beste, neurri hauek:
o   Udalak emandako baimenean argi islatu dadila zein den anplifikatze-sistemak emiti dezakeen gehieneko bolumen-maila. Eta ez dadin inoiz baimenik eman, soinu-muga zein den zehaztu gabe.
o   Etxebizitzetan eragiten den soinu-maila zenbatekoa den jakiteko, jar dadila neurketa-sistemaren bat eraikuntza publikoetan (San Telmo Museoaren atzealdean, Trinitate Plazara ematen duen aldean; Udaletxe eta Liburutegi Zaharrean Konstituzio Plazara ematen duen aretoren batean). Eta neurketa-sistema horrek abisua eman dezala etxebizitzetan onartuta dagoen gehieneko soinu-maila gainditzen denean.
o   Soinu-maila gainditzen den kasuetan, udaltzainak joan daitezela berehala anplifikatze-sistema kontrolatzeko mahaira eta bolumena jaitsi dezatela agindu.
o   Arau-haustea emanaldi berean hainbat alditan errepikatuz gero, baimenean ezarritako neurriak har daitezela eta emanaldia bertan behera utzi.
  • Neurri hauek abian jar daitezela jada, aurtengo Jazzaldiko ekitaldietatik hasita.
  • Noizbait, arau hori apurtzeko beharrik egongo balitz, izan dadila horretarako arrazoi sendo-sendoak daudelako eta auzoarekin lotura argia duten ekitaldi klasikoetan (San Sebastian Festa, Auzoko Jaiak, Euskal Jaiak...).

Donostian 2016-07-08


[1] Adibidez, 70 db gora, kristal bikoitzeko leiho guztiak itxita egin dugun azken neurketan
[2] “Behingoz” diogu promesa hori askotan egin zaigulako. Eta hala ere gero eta soinu-emanaldi gehiago antolatzen dira Parte Zaharreko plazetan.


Idazkia osorik eskuratzeko klik egin hemen

No hay comentarios:

Publicar un comentario