2015/07/07

Metaketaren bidezko desjabetzea

Hedoi Etxartek Berrian argitaratu duen iritzi artikulu interesgarria Iruñako Parte Zaharrari buruz.

David Harvey geografoak zabaldu izan du Marxen kapitalismoaren hasieran egon zen desjabetzearen bidezko metaketaren ideia. Desjabetzearen bidezko metaketa kapitalismoak irauteko eta aberatsenen boterea berrezartzeko erabiltzen duen etengabeko prozeduren multzo bat da. Egungo neoliberalismoan —XVI. eta XVII. mendeetan bezala— jende xeheak eraikitako baliabideak eta zerbitzuak hartu eta gutxiengo boteretsu bati ematen zaizkio.

San Nikolas kaleen inguruetan 7 gau giroko taberna gehiago zabaldu dituzte oso denbora gutxian. Taberna horiek azken urteotako Alde Zaharreko ostalaritzaren masifikazioa indartu dute. Urte luzez eremu saturatua izan zen Iruñeko Alde Zaharra. Udala, ordea, baimenak ematen hasi zen mugen kontrako diskurtso jator bati eta ostalaritza basatiaren txanponei mesede egiteko. Emaitza ongi definitu du Xabier Maeztu sukaldari libertarioak: Iruñeko Alde Zaharrean desjabetzearen bidezko metaketa alderantziz gertatu da. Metaketaren bidez desjabetu dira bizilagunak: tabernak metatu dira denden kaltetan, lo egiteko orduetan kaleak atzerritarren presentzia eta oihuekin bete dira, zaborraz saturatu dira kaleak, jendea ezin da bere atarietan lasai sartu, mugikortasun murriztua duten pertsonak ezin dira pasa, ezin dituzte leihoak zabaldu kiratsaren eta zaratotsarengatik.

Orain, Alde Zaharreko parranda ez da asteko salbuespena. Ez da astean behin, kale gutxi batzuetan eta sanferminetan gertatzen. Orain Sanferminak astero dira, ostegun arratsetik igande iluntzera. Eskualdearen jasangarritasunaren, herri eta auzoen bizikidetzaren kaltetan.

Arazo larri bat daukagu aurrean. Gatazka honetan ere, jende ahulena non dagoen eta zergatik aztertu behar da urgentziaz. Hain da agerikoa, esatea kurtsia dela: tabernen zaratarekin ezin da lorik egin, lorik egin gabe ezin da bizi. Emantzipazioaren alde egotea, jendeak lo egiteko eskubidea izan dezan lan egitea da gaurko hirian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario