2019/01/15

Haurguneko gurasoek Protesta Festa antolatu dute hilaren 16rako (asteazkena)

Kaialde eraikinean (Kijera Gaztetxean) Haurgunea martxan jartzen ari diren gurasoek Protesta Festa antolatu dute bihar arratsalderako, Udaletxearen parean. Haurgunearen beharra aldarrikatzeko.
Gurasoak eta haurrak ez ezik,  Auzolagun guztiak ere gonbidatu gaituzte Protesta Festan parte hartzera.

Bideo honetan aurkezten dute Haurgunea eta Protesta Festa:



 

Aurretik (joan zen ostiralean) Haurgunean egiten dutena azaltzeko eta hura antolatzeko prozesua kontatzeko adierazpen argia eta indartsua plazaratu zuten, hemen duzue:










2019/01/10

Alkateari erantzuna Kaialde eraikinari (Kijera gaztetxeari) buruz:

Hemen Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Alkate jaunari bidali dion erantzuna:

=== === ===
Alkate jauna:


Gaurko prentsan irakurri ahal izan dugunez, atzoko prentsaurrekoan Kaialdeko eraikinaren okupazioaz eta gure auzoaren ekipamendu gabeziaz hitz egiterakoan honako hauek adierazi zenituen:
·     “Udala prest dago irtenbide bat lantzeko ikerketa bat eginez.”
·     Udala prest dago Parte Zaharrean Bizi elkartearekin elkartzeko eta “Beharren inguruan hitz egiteko... Seguru gaude eskatzen dutena eta eskaini ahal duguna ez dela gauza bera. Baina adostasunera iristeko prest gaude, baita hitz egiteko ere”.

Horren aurrean honako hauek adierazi nahi ditugu:
·     Geu ere prest gaude Udalarekin elkartu eta hitz egiteko; beti prest, gai honi buruz hitz egiteko eta auzoko beste arazoei buruz hitz egiteko.  Baina hitzetatik haratago joan behar du udal gobernuak, eta zenbait gairen inguruan (ekipamenduen falta besteak beste) irtenbidea gauzatzen hasi behar dira jada, konponbideak ezin dira gehiago atzeratu.
·     Ekipamenduen arazo kronikoari soluzioa bilatzeko Udalarekin elkartzeko prest gaude bai, baina arazo honen azterketan eta konponbideen definizioan auzoko eragile gehiagok ere parte hartu behar dutelakoan gaude. Horregatik berresten diogu irailaren 5ean egin genuen proposamenari: “Gauzak horrela, orain, Udal Gobernuari proposatzen diogu lan-mahai bat osatu dezan ahalik eta azkarren, non auzoko eragile eta udal teknikari eta arduradunak elkartuko garen auzotarron ekipamendu beharrei irtenbideak behingoz bilatzeko eta “Gaztetxea eraikitzeko proiektuan diharduten gazteengana hurbildu, haiekin elkartu eta hizketan has dadin”.
·     Eta arazoa aztertu eta konponbidea gauzatzen dugun bitartean, urtarrilaren 2an Udal Gobernuari eskatutakoari heltzen diogu orain ere:
  • Kaialdeko eraikina berreskuratzeko’ espedientea eta ekimenak bertan behera utzi ditzazuen.
  • Eraikin horren erabilera-eskubidea[1], auzoko eragileen esku laga dezazuen, bertan heziketa ez formala zein informaleko eta auzogintza eta kulturgintzako jarduerak garatzen jarraitzeko

Lan-mahai horren eraketa bilera laster deituko duzuelakoan gaude, geuk gure aldetik lan-mahaian parte hatzera animatuko ditugu auzoko beste zenbait eragile.

Ekin diezaiogun konponbidea definitzeari!



Donostia, 2019-01-09
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea




[1] Ikusirik ez dela definitu eraikin horren erabilera publikorako proiektu zehatzik.

=== === ===


Ekipamendu gabeziaz auzo elkartearekin hitz egiteko prest zegoela esateaz gain, asko saltzen den egunkari baten arabera Kaialde eraikinean adineko jendearentzako apartamentu egokituak egiteko ustezko proiektuaz hitz egin omen zuen alkatea. Egun hauetan zenbait kazetari eta tertulianok aipatu dute ustezko egitasmo hori.
Laster argitaratuko ditugu artikulu berri bat ustezko proiektu hori zertan den azaltzen



2019/01/02

PZB auzo-elkartearen adierazpena: Kaialde eraikinak aisialdi-, kultura- eta heziketa ez formaleko jardueretarako erreferentziazko gune egonkorra behar du izan


PZB auzo-elkartearen adierazpena, Parte Zaharreko auzotarrei eta Donostiako herritarrei zuzendua.
Berriz ere esango dugu:
Gure auzoan behar asko dira, auzo-bizitzarako ekipamenduak besteak beste.
Auzoko eraikin publikoak auzotarroi zerbitzu publikoak emateko erabili behar dira.
Kaialde eraikinak aisialdi-, kultura- eta heziketa ez formaleko jardueretarako erreferentziazko gune egonkorra behar du izan

( Si necesitas una traducción al castellano de este texto escrito en euskera puedes utilizar alguno de estos traductores automáticos:  https://modela.eus/eu/itzultzailea , http://www.itzultzailea.euskadi.eus/traductor/portalExterno/url.do o https://translate.google.es/?hl=eu&tab=TT  )

Gure auzoak ekipamenduak behar ditu, askotan esan dugu:
·        Ez dugu erreferentziazko gune egonkorrik auzo-bizitza bideratzeko eta auzogintza, kulturgintza eta heziketa ez formal zein informaleko jarduerak garatzeko. Auzoan eta inguruan badira, bai, kultur ekitaldiak eskaintzen dituzten antzokiak eta aretoak, baina ez auzotarrak elkartzeko eta elkarrekin ekin, egin eta egoteko gunerik. Auzo-bizitzak era guztietako espazioak behar ditu: bai kultur kontsumorako aretoak, baina baita sorkuntzarako guneak ere; bai hitzaldi-aretoak, baina baita gogoeta partekatu eta eztabaidatzeko tokiak ere; bai gune antolatu eta tutorizatuak, baina baita gune autogestionatuak ere…

Parte Zaharra degradazio-bidean sartzeko arriskuan da:
·        Azken urteotan nabarmen hondatu da auzotarron bizi-kalitatea, auzo-bizitza itotzeko arriskuan da. Biztanleria galtzen ari da; etxebizitza asko hotel, pentsio edo apartamentu turistiko bihurtu dira; espazio publikoak jarduera komertzialetarako erabiltzen dira; zenbait eraikin publiko enpresa pribatuen esku utzi dira negozio-jarduerak garatzeko; betiko komertzio- eta taberna-eredua desagertzen ari da eta gainustiapen turistikora bideratutako komertzioak eta tabernak nagusitzen ari dira.
·        Auzoa biziberritzeko neurri eraginkor eta urgenteak hartu behar dira, galbidean sar ez dadin, auzo bizia eta bizitzekoa izaten jarrai dezan, ez dadin bihurtu parke tematiko eta dekoratu apain. Berandu baino lehen jarri behar dira abian Parte Zaharrerako Plan Integralean aipatutako lan-ildoak gauzatzeko neurriak, jada, eraginkortasunez.
·        Auzo-bizitzarako eta auzogintzarako ekipamenduak eta espazioak izatea ezinbestekoa izango da auzoa biziberritzeko.

Auzoak bazituen eraikin publiko egokiak behar horiek asetzeko. Baina horietako batzuei bestelako erabilera eman zaie: negozio pribatuetara bideratu dira.
Bada eraikin bat berez eta legez halako beharretarako propio sortu zena, hau da, heziketa-, aisialdi- eta kultura-jardueretarako: Kaialde eraikinaz ari gara, Orixe Ikastolaren egoitza izan zenaz, gerora urte luzez itxita eta hondatzen utzi den horretaz.
·        Eraikin  horrek historia luzea du, hainbat jaberen esku izan da, eta beti heziketa-, aisia- eta kultura-jardueretarako erabili izan da. Bere erregistro-deskribapenak argi uzten du zein den bere egitekoa: Aisialdi eta kulturarako lokala da”.
·        Orixe Ikastola izan zen eraikina azken hamarkadetan baliatu zuena[1]. Orixe Ikastola bera izan zen eraikinaren azken-aurreko jabea. Auzoko ikastola hezkuntza-sare publikoan sartu zenean, eraikina Donostiako Udalaren jabetza izatera pasa zen[2]. Honela agertzen da definituta Donostiako Udalaren Ondasunen Inbentarioan: Jabari eta zerbitzu publikoko ondasuna, Hezkuntza Sailari atxikia, irakaskuntza zerbitzuetarako.
·        Duela 12 bat urte utzi zitzaion irakaskuntza-zerbitzua bertan emateari, Haur Hezkuntzako gelak Zuloagako eraikinera eraman zirenean. Eta Kaialdeko eraikina hutsik geratu zen, hondatzen, alferrik galtzen[3]. Berez eta legez izan beharko lukeen heziketa-, aisia- edo kultura-jardueretarako erabilera izan gabe. Auzoan behar handia dugunean!!!

Eta 12 urte luze horietan hor ibili gara auzotarrok behar horiek asetzeko erreferentziazko toki egonkorrik gabe. Saiakerak eta ahaleginak egin ditugu, baina ez dute fruitu egonkorrik izan:
·        Pertsona eta kolektibo ugari aritu gara jarduerak antolatzen eta antolatu nahian. Zailtasun handia izan da toki egokia lortzea. Urte horietan zehar nabarmen baino nabarmenago geratu zaigu erreferentziazko toki egonkorraren beharra.
·        Behin bitarteko irtenbide bat izan genuen, 2013-2105 bitartean, behar batzuetarako behinik behin. Bretxako Arraindegi eraikinean hiru lokal erabiltzeko aukera eman zitzaigun. Bertan Haur Txokoa, Gaztelekua eta bilera-gela izan genituen. Bizitasun handia izan zuen Haur Txokoak: gurasoek antolatuta eta autogestionatuta, dozenaka ume elkartzen ziren jolastera negu gorriko arratsaldeetan. Baina esan bezala, ez zuen luze iraun, 2015ean utzi behar izan genituen jarduera horiek Bretxako Arraindegi eraikina birmoldatzeko obrak hastear zirelako (2018aren amaiera arte hasi ez badira ere).
·        2014an itxaropena piztu zitzaigun, bai baitzirudien Hezkuntza Saila eta Donostiako Udala akordioa egitekotan zirela, eta akordio horri esker Orixe ikastolaren egoitza izandako eraikina udalak berreskuratu eta auzoko eragileen esku jarriko zuela, auzogintza, kulturgintza eta heziketa ez formaleko jarduerak garatu ahal izateko. Auzo-etxea amesteari eta definitzeari ekin genion auzoko eragile eta auzotar askok. Baina ilusioak gutxi iraun zuen, Udal Batzan garai hartan oposizioan ziren-taldeek (EAJ, PSE eta PP) horren kontra egin baitzuten[4]. Gure poza putzura joan zen.
·        2018ko irailean zenbait auzotar Kaialde eraikinean sartu, gelak txukundu eta jarduerak antolatzen eta auzo-bizitzarako txokoak eskaintzen hasi ziren. Bertan hitzaldiak eta bilerak egin dira, mintegiak eta tailer iraunkorrak antolatu dira, haur txikien gurasoek haur-gunea autogestionatua sortu dute…

Orain, Kaialdeko eraikina erabiltzen ari direnei Udalak idazki bat helarazi die.  Jarduerak egiteari utz diezaiotela eskatzen die, eta eraikina berreskuratzeko espedienteari hasiera eman zaiola jakinarazi.

Egoera honen aurrean Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak honako hauek adierazi nahi ditu:
·        Zerbitzu publikorako eraikinak horretarako erabili behar dira. Eta Kaialde eraikina heziketa-, aisialdi- eta kultura-jardueretarako propio sortutakoa izanda, halako jardueretarako erabili behar da.
·        Agintari publikoen ardura da ondare publikoa zaintzea eta zerbitzu publikorako diren eraikinak horretarako erabiltzea, bai eta herritarren beharrei erantzutea, herritarren hitza entzutea eta haien ekimenak babestea ere.
·        Utzikeria da zerbitzu publikorako eraikin bat 12 urtez hutsik egotea eta hondatzen uztea.
·        Arduragabekeria da eraikin hori abandonatuta uztea, erreferentziazko lokal egonkorrik ez izateagatik auzotarron behar asko asetu gabe dauden bitartean.
·        Parte Zaharrak badu eraikin hori  ‘berreskuratzeko’ beharra; berez izan beharko lukeen erabilerarako berreskuratu, hain zuzen: heziketa-ez formala eta informala, aisialdia, kultura…
·        Erreferentziazko gure iraunkorra behar dugu auzoa biziberritzeko: auzo-bizitza sendotzeko, auzotarron elkarbizitza eta kohesioa indartzeko, auzogintza- eta kulturgintza-jarduerak garatzeko…

Eta oraingo korapiloari askabide eraikitzailea emateko eta Ikusirik oraindik ez dela definitu eraikin horren erabilera publikorako proiektu zehatzik, honako hau proposatzen diogu Udal Gobernuari:
·        Orixe Ikastolaren egoitza izan zen Kaialde eraikin hori ‘berreskuratzeko’ espedientea eta ekimenak bertan behera utz ditzan.
·        Kaialde eraikinaren erabilera-eskubidea auzoko eragileen esku laga dezan, bertan heziketa ez formala zein informaleko eta auzogintza eta kulturgintzako jarduerak garatzen jarraitzeko.


Donostia, 2019-01-02
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea



[1] Haur Hezkuntzako gelak Kaialde eraikinean ziren; Lehen Hezkuntzakoak, berriz, Urgullen.
[2] Une horretan Udalak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari laga zion erabilera-eskubidea hezkuntza-zerbitzua ematen jarraitzeko.
[3] Eraikin horri bestelako erabilera emango zaiola noizbait aipatu bada ere (hezkuntza jarduerak, adinekoentzako apartamentuak…) hitzetatik haratago ez da joan, orain arte ez da inoiz definitu eraikin horren erabilera publikorako proiektu zehatzik.
[4] Eraikina hezkuntzako zerbitzuak (Hastapeneko Lanbide Heziketa, Irale…) emateko behar zela argudiatuz. Behar omen ziren hezkuntza zerbitzu horietaz ez da berriz ere hitz egin.



#KaialdeAuzorako! Auzo Elkartearen eskaera Udalari eta Jaurlaritzari. "El edificio Kaialde para el barrio" petición de la Asociación de Vecinos/as al Ayuntamiento y al Gobierno


Irudia: Irutxuloko Hitza

#KaialdeAuzorako! Auzo Elkartearen eskaera Udalari eta Jaurlaritzari.  

"El edificio Kaialde para el barrio" petición de la Asociación de Vecinos/as al Ayuntamiento y al Gobierno.  

( Versión en castellano aquí: https://drive.google.com/open?id=1LHMDYkg_Ud6OFME2Emc5ogjZOyfmcYS9)
(también puedes utilizar alguno de estos traductores automáticos: https://modela.eus/eu/itzultzailea http://www.itzultzailea.euskadi.eus/traductor/portalExterno/url.dohttps://translate.google.es/?hl=eu&tab=TT )

Jaun eta andere agurgarriak:

Donostiako Parte Zaharreko Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak (12/1071 erregistro zenbakia eta G75064451 IFKa[1]) izan du Donostiako Ogasuneko eta Finantzetako Zinegotziaren abenduaren 20ko ebazpenaren berri, zeinaren bidez hasiera eman nahi zaion Orixe ikastolaren egoitza izan zen eraikina[2] ‘berreskuratzeko’ espedienteari eta eskatzen zaien eraikinaren erabiltzaileei utz dezatela edozein jarduera. Jakin izan dugu, halaber, ebazpen horrek erantzuten diola Hezkuntza Sailburuak egindako eskaera bati: eraikina berreskuratzeko tramiteak egin ditzan udalak.

Aintzat hartuta gure auzoak dituen ekipamenduaren beharrak (aurrerago azalduko ditugunak), eraikin publiko hori urte luzez erabili gabe egon dela eta azken hilabeteotan eraikin horretan auzotarron zenbait behar asetzeko jarduerak garatzen hasi direla, Donostiako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunengana jotzen dugu honako hauek eskatzeko:
·       Orixe ikastolaren egoitza izan zen eraikin hori ‘berreskuratzeko’ espedientea eta ekimenak bertan behera utzi ditzazuela.
·       Eraikin horren erabilera-eskubidea[3], auzoko eragileen esku laga dezazuen, bertan heziketa ez formala zein informaleko eta auzogintza eta kulturgintzako jarduerak garatzen jarraitzeko.

Hauek dira gure eskaeraren testuingurua eta arrazoiak:
·       Urteak daramatzagu auzoko pertsonak eta eragileak eskatzen espazioak heziketa ez formala zein informala, auzogintza eta kulturgintza jarduerak garatu ahal izateko. Auzoan badira bai, kultur ekitaldi eta emanaldietan parte hartzeko aukera ematen diguten aretoak. Ez ordea auzotarrek antolatu eta garatutako heziketa ez formaleko, auzogintzako eta kulturgintzako jarduerak garatzeko. 
·       Auzo Elkarte bezala sortu ginenetik hori izan da gure egitasmo nagusietako bat: auzotarron elkarbizitza eta kohesioa sendotzen lagunduko duen erreferentziazko espazio bat edukitzea, non garatuko ziren aipatutako jarduera horiek. Behar hori gero eta nabarmenagoa egiten zaigu, auzoa pairatzen ari den bilakaera[4] eta auzo-bizitzaren narriatzea ikusita. Denboraldi labur batean eta behin-behinean zenbait areto utzi zitzaizkigun Bretxako arraindegi eraikinean. Horietan hainbat proiektu jarri genituen abian; haur txokoa, gaztelekua, kultur jarduerak… Baina behin-behineko konponbidea zen, eta areto horiek utzi behar izan genituen.
·       2014an itxaropena piztu zitzaigun: bazirudien Hezkuntza Saila eta Donostiako Udala akordioa egitekotan zirela, eta akordio horri esker Orixe ikastolaren egoitza izandako eraikin hori udalak berreskuratu eta auzoko eragileen esku jarriko zuela auzogintza, kulturgintza eta heziketa ez formaleko jarduerak garatu ahal izateko. Auzo-etxea amesteari eta definitzeari ekin genion auzoko eragile eta auzotar askok. Baina ametsa berehala zapuztu zen[5].
·       Behar publikoei erantzuteko izan behar zukeen eraikin publiko hori urte luzez[6] egon da hutsik, eta bien bitartean, auzotarron behar eta eskaera ugari asegabe (besteak beste aurretik aipatutakoak).
·       Irailean zenbait auzotar eraikinean sartu, gelak txukundu eta auzotarrontzako jarduerak antolatzen eta auzo-bizitzarako tokiak eskaintzen hasi ziren. Bertan egin dira hitzaldiak eta bilerak, mintegia eta tailer iraunkorrak[7] antolatu dira, haur txikien gurasoek haur-gunea sortu dute… Ez hori bakarrik: rokodromoa prestatu da, literatura lehiaketa egin, bertso eskola abian jartzen ari da…

Gauzak honela, ikusita auzotarron aipatu beharrak asegabe daudela eta oraindik ez dela definitu eraikin horren erabilera publikorako proiektu zehatzik, bidezkoa (bidezkoena) iruditzen zaigu egindako eskaerak ontzat ematea; hau da, ‘berreskuratzeko’ prozesua etetea eta eraikinaren erabilera-eskubidea auzoko eragileen esku uztea.
Gure arrazoiak aintzat hartuko eta eskaera ontzat emango dituzuelakoan, jaso gure agurrik adeitsuena.


Donostia, 2019-01-02
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea








Nori zuzendua:
·       Cristina Uriarte, Hezkuntza Sailburua, Eusko Jaurlaritza
·       Jaime Dominguez-Macaya, Ogasun eta Finantzako Zinegotzi Ordezkaria, Donostiako Udala
·       Eukene Muñoa, Ondare Zerbitzuburua, Donostiako Udala
·       Eneko Goia, Alkatea, Donostiako Udala.


Eskaera egilea:
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea
3043 posta-kutxa, 20800 Donostia



[1] Helbide Postala: 3043 posta-kutxa, 20800 Donostia
[2] Kanpandegi eta Fermin Kalbeton kaleetako kantoian dagoena.
[3] Ikusirik ez dela definitu eraikin horren erabilera publikorako proiektu zehatzik.
[4] Biztanleria galtzea, etxebizitzak hotel, pentsio edo apartamentu turistiko bihurtzea, espazioa publikoak jarduera komertzialetarako erabiltzea, eraikin publikoak enpresa pribatuen esku uztea, betiko komertzio- eta taberna-eredua desagertzea eta gainustiapen turistikora bideratutako komertzioak eta tabernak irekitzea…
[6] Zenbat: 12? Zuek jakingo duzue inor baino hobeto.
[7] Filosofia-mintegia, Zirko, Joskintza, Xaboigintza eta Brikolaje tailerrak.